XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LITERATURA

Bere liburuez aritu da Mariasun Landa Iruñeko zenbait ikastoletan

Errusika matxinsaltoari buruzko liburua alemanieratu diote

XABIER CARRILLO Iruñea

Mariasun Landa, haur eta gazte literatura idazlea Iruñeko zenbait ikastola publikotan ibili zen joan den astean.

Hain zuzen ere, Amaiur, Axular, Hegoalde eta Sanduzelaiko ikastoletan.

Guztietan ikasleek Mariasun Landaren liburu bat edo beste irakurri zuten eta, nola ez, galderez bonbardatu zuten.

Hegoaldean izan ginen gu, eta, han, Mariasun Landak bere idazteko moduak eta bere nahi eta gora behera zenbait azaldu zituen haurren galdeketari erantzunez.

Hegoaldean, Errusika, Landaren azken liburua irakurria zuten denek.

Lan hau, oraintsu alemanieraz karrikaratu dute.

Ez da, ordea, Mariasun Landari itzuli dioten liburu bakarra.

Izan ere, Atxagarekin batera kanpoan itzultzen duten euskal idazle bakanetakoa da donostiarra, eta haur eta gazte literaturan zer esanik ez.

Orain artio, Errusika bera eta Txan fantasma ingeleseratu dizkiote, eta Izeba txikia, Iholdi eta Alex frantsesera.

Hauek dira berak gehien nabarmentzen dituen itzulpenak.

Beste batzuk ere badira, grekerara, katalanera, albanierara, galegora edo beste hizkuntzaren batetara eginak, baina indarra duela uste du hedatuen diren hizkuntza horietara itzultzea.

Bere idurikoz, euskal literaturak, esforzu berezia egin behar du atzerrira irteten, kanpoan argitaratzen.

Garrantzia itzela ematen dio horri.

Txikitan irakurzale

Ikasleek egin zioten lehenbiziko galdera txikitan irakurtzen ote zuen eta gogoko zuen izan zen.

Berak, berehala heldu zion hitzari eta baietz esan zien, txikitan hagitz irakurzalea zela.

Garai hartan etxean ez zuen telebistarik.

Nire garaian liburuak genituen jolasgai inportanteenak.

Ikasleei aitortu egin zien, hala ere, egun txikia balitz, beharbada, gehiago ikusiko lukeela.

Nik egingo nuke zuek egiten duzuen bezala.

Etxera joan kaxa tontoaren botoia sakatu eta telebista ikusi.

Bere dibertsioetako bat idaztea zela ere esan zuen.

Ipuiak idazten 12-13 urte zituelarik hasi zen.

Haurrei gauza bat ere gomendatu zion horren inguruan.

Adin horretan idazten duten oro ongi gordetzeko, gero nagusitzean hori ikusteak alimaleko ilusioa egiten duelakoz.

Zera gaineratu zuen ere, txikitan sormena, imajinazioa aunitzez ere aberatsagoa dela heltzerakoan baino.

Mariasun Landak Iruñerriko ikastola hauetan egin bisitaldia ez da FIRA pedagogi taldeak antolatu duen bakarra.

Ostegunean, Xabier Mendiguren idazlea hurbilduko zaigu Iruñera, eta otsailak 24ean Patxi Zubizarreta eta maiatzean Jose Mari Iturralde.

KANPORA ATERA BEHAR DUGU, ZABALDU

Mariasun Landa aspaldian hasi zen haurrendako eta geroxeago gazteendako liburuak idazten.

Hamazortzi ipuin argitaratu ditu dagoeneko, eta aunitz itzuli dizkiote, 10 gaztelaniara, 8 katalanera, 5 galegora, 2 grekerara, 5 albanierara eta bat alemanierara.

Halarik ere, ez du etenik egiteko asmorik.

Bera izan da, Euskal Herritik at, hemengo haur literatura zabaldu duen bakarrenetarikoa.

Horregatik haur literaturaren osasunari buruz galdetu diogu.

- Zoritxarrez, Euskal Herrian egiten den haur litetatura oso gutxi zabaldu da hemendik kanpo.

Ez da itzuli gaztelaniara, eta zer esanik ez, bestelako hizkuntzetara.

Liburuak promozionatu eta zabaldu behar ditugu.

- Gaztelaniazko liburuekin, konparaziora, ez ote da gauza bera gertatzen?

- Gaztelaniazko liburuek bere sareak dituzte.

Hor dute Hego Amerikako merkatua.

Baina, zaila egiten zaie ere ingelesez edo alemanez liburuak zabaltzea.

Beharbada, hemen, ez dugu baloratzen zer den liburu bat zuzen euskaratik ingeleseratzea, hau da, bertsio orijinaletik.

Garrantzitsua da oso liburuak itzultzea.

Euskal Herrian egiten dena kanpoan ezagutzea.